Bonberenea Sutan jaialdia musika jaialdi bat da. Lau edizio ospatu dira orain arte: 2008an, 2010ean, 2012an eta 2013an. Hala ere, Bonberenea Sutan jaialdi berezia dela argitu beharra dago. Lehenik eta behin, edizio guzti hauetan parte hartu duten taldeekiko mantentzen duen lotura tinkoa bezain berezia delako. Izan ere, ospakizun honetan parte hartzen duten talde guztiak Bonberenearen sormen librearen ideia defendatzen dute eta honekiko konpromiso trinkoa adierazten. Jaialdi benefikoa da eta ateratako diru guztia urte osoan zehar gaztetxean burutzen diren proiektuetara bideratzen da, hauek burutzen jarraitu ahal izateko.
Berezia da, bestalde, aldarrikapen bat delako jaialdi honen muina, Bonberenearen etorkizunaren aldarrikapena, hain zuzen ere. Etxeari etorkizun egonkor bat bermatuko dion egoera bat aldarrikatzen da, garaian garaiko Udalaren erabaki politikoetatik at egongo den egoera.
Bonberenea Sutan urte osoan lanean diharduen jende guztiaren esfortzuaren fruiturik ikusgarriena izango da ziur aski, baina ezin da ahaztu hau “izeberg-aren punta” besterik ez dela eta horren atzean etxe honen mugimendu osoa dagoela. Bonberenea izena duen proiektu kolektiboarentzat etorkizunerako berme baten aldarrikapena da Bonberenea Sutan.