Bonbereneari buruz zerbait esan behar izanez gero, esango genuke gure etxea dela. Beste urtebete egin dugu etxe honetan, gure egin dugun gune honetan. Aurtengoa ospakizun borobila da. 26 urte bete ditugu eta oraindik ere gogor dihardugu lanean, betiko moduan!
Etxe honek betiko dinamikarekin jarraitzen du baina lehen eguneko sugarrari eta aurrera egiteko gogoari eusten zaie, erosotasunean erori gabe. Pandemiak gauzak egiteko beste modu batzuk erakutsi dizkigu eta horietara moldatzen ere asmatu dugu, nahiz eta urak lehengo lekura itzuli diren. Proiektua sortu zen garaian, inguruan somatzen genuen kultur dinamika gabezia edo hutsunea bete genuen kultur jarduera bermatzeko eragile gisara. Gaur egun asmo horrekin jarraitzen dugu. Etxeak etengabeko bilakaerarekin jarraitzen du eta belaunaldi berriek ere egin dute euren lekua. Aldaketetara egokitzen jakin dugu eta etxeak aurrera jarraitzen du, hori baita garrantzitsuena. Horren islada serigrafi tailerra da, erabat martxan dagoela.
Aldaketak bizitzaren parte dira eta horma hauen barruan gertatzen den aldaketa orok zerbait berria suposatzen du. Azkenaldian etxean hainbat lan egin ditugu. Instalazio elektrikoak berritu, etxeko sarbideen argiztapena hobetu, kanpoko txabolaren teilatua berritu, pintaketak… Azken horien bidez kulturari kolorea ematen diogu, udazkenak negurako bidea hartzen duenean etxeari kolorea emanez.