Descripción del producto
Betidanik izan da ezaguna Tolosako herriaren gozozaletasuna eta hainbat dira gurean gozozaletasun hori azken mugaraino eraman izan dutenak. Begiratu besterik ez dago herrian artisautza mota honen inguruan zabaltzen den eskaintzari. Ildo horretan, Bonbereneak ere bere lana “gozoki” bezala aurkeztea erabaki du, eta ez da aurreneko aldia. Izan ere, 10 urte igaro dira “Bonberenea Sufflé” izeneko pasteltxo hura kaleratu zenetik. Oraingoan “Bonberenea Éclair” izena daramana argitaratuko dute, aurrekoaren ildo berberetik baina zapore, forma eta testura ezberdinekin. Hori bai, zalantzarik gabe gozoa eta goxoa izango delakoan.
Rafa Gorrotxategi gozogile ospetsuarekin elkarlanean, berea izan da bilduma honi izena ematen dioten pasteltxoak diseinatu eta sortzearen ardura. Izan ere, bilduma honen funtsa 2012tik 2015era bitarte Bonbereneatik pasa diren musika talde esanguratsuenen artxibo bat argitaratzea da. DVD formatuan eta ikus-entzunezko euskarri aurreratuenak erabiliz, zuzeneko emanaldi guztiak etxean bertan eta etxeko piromanoek grabatuak, nahastuak eta masterizatuak izan dira. Etxean sukaldatu izan diren menu ezberdinak erakusgai jarri nahi izan dituzte beste behin piromanoek. Duela 10 urte bezalaxe, orduko lagun berberekin elkarlanean.
Belako, Anestesia, Estricalla, No More Lies, Bonberenea Txaranga, Nueva Vulcano, Glaukoma, Columpio Asesino, Viva Belgrado… Hainbat eta hainbat talde, musika estilo ezberdinetakoak zuzenean, Bonbereneako eszenatokira igota. Guztiak eszenatoki berberean, bakoitza bere energia eta indar partikularrarekin. Azken finean, piromanoen nahia etorkizunerako aztarna bat uztea da, denborak ez dezan horrelako ondare bat ezabatu. Duela 10 urteko “Sufflé” hark bezalaxe, “Ëclair” honek ere denboraldi bateko Euskal Herriko musikagintzaren argazki dinamiko bat eskaintzen du, betirako islatua geratuko dena.
20 abestiz osatua, datorren azaroaren 5etik aurrera eskuratu ahal izango duzu 12€-tan Bonberenean bertan, web orrialde honetan edo ohiko banaketa puntuetan. On egin!
Kontaktua:
www.bonberenea.com
info@bonberenea.com