Gutako asko ‘Sute perfektua’-ren pieza nano baina ezinbestekoak gara, sistemari kontra egin edo bizkarra ematen diogulakoan, ardi-latxak bezala multzoan, patroi batzuen arabera, mugitzen gara eta gurea erabat asimilatuta dago. Anger taldea osatzen dutenak ere poliki-poliki eta ia oharkabean kizkaltzen gaituenaren erregai ere badira eta badakite, baina hastapenetatik egin dute bide propioa eta norbere burutik hasita kritiko amorratuak izan dira.
Hala, adibidez, erosotasuna bermatzen duten hiri-tribuen lerratzetik urrun ibili dira beti. Pentsa, Arrasateko auzo periferiko baten sortu, musikalki Antipodatan zeuden rudeboy atipiko (ireki) batzuekin entsegu-lokala elkarbanatu, eta hastapenetako metal-corea erregioetako kultura elkarteetan barreiatzen hasi ziren.
Ia 18 urte beranduago, sua tentatzen jarraitzen dute pospolo propioak erabilita; eta metaletik abiatu zuten talde hura poliki-poliki zama arindu eta post-hardcorearen ur zabaletan egin dute luze igeri, bainujantzi gabe, aske, nahi izan duten bezala.
Muinean George Orwellek puntua jarritako lagun-talde honek auzo-lotsa borrokatuz, auzo-eskalako iraultzarekin jarraitzen dute, bere tamainan, helburu berdinekin: norbere kabuz pentsatu, irentsi aurretik hausnartu eta dantzarazteko ahaleginean.
Norberaren maraka eta erritmoa eraikitzeko abiapuntua areagotu dute lan honetan, orain arteko aberatsena, osatuena eta askeena. Askeena diot, Anger taldearen barruan dauden izaera eta joera guztiak kantu bakoitzean, guztietan, batuta pauso bat, erraldoia, harago eman dutelako. Egia da maisutasunez landutako metal riff eta erritmo trinkoek hainbat kanturen bizkarrezurra osatzen dutela, baina ahotsaren melodia nabarmenak, erregistro aldaketa etengabeek eta erdizkako denbora lasaiagoek dute pisu handiena, jada taldearen marka ere badirenak. Post-rockaren intentsitate fina ere asko lantzen dute eta hastapenetatik gogoan izan duten rap-ak ere indarra gehitzen die hainbat pasarteri. Baina orain, inoiz baino gehiago, armairutik gorputz osoa atera eta doinu beroei, beltzei, funkyari, raggamuffiari, perkusioari eta familiakoei ohorezko lekua egin diete ezer soberan onartzen ez duten kantuen eraikuntza zehatzean.
Harremanetarako:
anger@angerweb.net
www.angerweb.net
Haritz: 607 782 401