Argazki bat behelainoan – Geldi gu eta dena huts


Demagun berandu dela, etxeak itxiak eta hutsik daudela, margoa lehortu dela. Demagun biharko eguna gaurko
egun bera izango dela. Demagun, kontraesanak kontraesan, libre garela.
“Geldi Gu Eta Dena Huts” izena du Argazki Bat Behelainoan (ABB) taldearen lan berriak. Bost pistako EPa dugu, hogei minutuko luzera duena. Bonberenea Ekintzak zigiluak argitaratua eta Karlos Osinagak grabatua, “Segurtasun Eza” (2023) lehen lan luzea bezala. Era berean, orduan bezala orain ere, Arkaitz Artola Arnaiz (AAA) dugu musikagile, baita musikari nagusia ere, baina izan dira zenbait kolaborazio ere; musikan laguntzaile handiena Iker Vazquez (Pelax, Neu Troia…) izan da baterian, aurreko diskan eta zuzenekoetan ere aritu zena, Huts abestian North Asuna eta Urtzi Aizpuru izan ditu saxo eta tronboian hurrenez hurren. Hitzetan, aldiz, Mikel Peruarena Ansa (Faborez), Jon Markel Ormazabal Gaztañaga (Lo daude) eta Ion Olano Carlos (Huts) izan ditu lanbrokide.


Aurreko diskoa barnerakoia eta nolabait ilunagoa bazen, oraingo hau argitsuago, koloretsuago, freskoago datorkigu, lotsagabe. Hain zuzen, “Lotsarik eza” instrumentalarekin hasten da EPa: kiribil hipnotikoan barneratzen gaitu, zuloan harrapatu eta barnerantz lehertzen den arte. Segidan datoz hitzez eta hotsez “Huts”, “Berandu da”, “Faborez” eta “Lo daude” hurrenez hurren. Izenburuarekin kontraste eginez, mugiarazten duen lan musikala da “Geldi Gu Eta Dena Huts”. Betekadarik eragin gabe, halako gose moduko batez utziko dituena gorputz-gogoak, plazer hutsez mugitzen segitzeko gogoz.

Tracklist:
01 Lotsarik Eza
02 Huts
03 Berandu Da
04 Faborez
05 Lo Daude

Harremanetarako:
688 645 452 Arkaitz
argazkibat@gmail.com