2005. urteko udazkenean, Tolosan, bapatean eta abisatu gabe (ideia eta burutaziorik onenak iritsi ohi diren bezala) jaio zen. Txus, Iñigo, Julen eta Egoitz…DESORDUTAN dira, powerpop nahiz pop-rockaren bidezidorretik dabilen banda, oraingo honetan horrela tokatu delako… euren doinuak ez baitira momentuko modek eraginda sortuak.
Azken urteotan makina bat kontzertu eskaini eta egungo euskal eszena musikaleko talde esanguratsuenekin topo egin arren, lehen kontzertua 2006ko apirilean eman zuten Tolosako Bonberenean…eta geroztik lotura berezia izan dute bertako ‘piromanoekin’. Izan ere, bertan kontzertu eta grabaketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute: 2006eko neguan euren lehen maketa (Skritx+Etxebe teknikariak), 2008ko udaberrian Iruran ospatu Kilometroak jaiko kantu ofizialean (Txap teknikaria)… Oraingoan berriz, eta ‘Bonberenea Ekintzak’ zigilupean, beraien lehen lan luzea dute esku artean: EROMENA ZOR DIZUT…
2009ko udan Bonbereneako estudioan grabatu zituzten diskoa osatzen duten 10 kantuak, Skritx teknikari lanetan aritu zelarik. Nahasketa eta Masterra berriz, Bonberenea bertan eta Berako MIK estudioan egin ziren, Mikel eta Maikelen gidaritzapean.
Desordutan lau taldekidez osatzen bada ere, doinuak grabatzerakoan hainbat kolaboratzaile izan dituzte ondoan, tartean Bonberenea txarangako kideak haizezko konponketetarako. Letrei dagokionez, gehienak Desordutan taldeak berak sortuak badira ere, disko berriarekin Iñigo Aranbarri, Joan Aldamizetxebarria eta Eneko Aranburu idazleen poemak musikatzeko aukera izan dute.
EROMENA ZOR DIZUT… diskoaren aurkezpen kontzertua ere Tolosako Bonberenean eskainiko dute datorren Azaroaren 27an, INNERVE talde iruñarrarekin batera.
Harremanetarako:
desordutan@desordutan.com