Petti – Awañak


Awañak

Gutxi dira Petti bezala jendaurrean bakarrik aritzen ahal direnak,talde bat edo musikari gehiago behar izan gabe. Pettik gitarra bat besterik ez baitu behar bere izaera, etorria eta dohainak ezin hobeto azaltzeko. Bakarra baita Petti, Berako (Nafarroa) folk-blues abeslari eta gitarrista fina. Sentibera, benetakoa. Idia bezain ahaltsua eta sugea bezain leuna. Unean uneko sentimenak eta egoerak argi erakusten ditu, ergelkerietan ibili gabe. Bere saioetan, haserrea, egonezina eta samurtasuna igortzen digu, kantuen bitartez, eta gu hunkitu egiten gara, eta amorrua, atsekabea eta malenkonia sentitzen dugu.  Horretarako, Pettik baliabide bikainak ditu: ahots lodi berezia, gitarra jotzeko ahalmen handia, eta kantu ederrak sortzeko erraztasuna.

Urteotan, hainbat talderekin jotzen ikusi dugu, baita bakarrik ere, gitarra edota harmonikarekin, eta zenbait musika motako kantaldiak egiteko gai dela erakutsi digu: blues, rock, folk… Bonberenean, azaroaren 1ean, gitarra akustikoarekin eta Rafa Aceves pianista handiarekin (Txuma Murugarren, Mamba Beat) jotzen ikusi genuen. Kontzertu ederra egin zuten, aparta. Zirraragarria. Pettik bere aita zendu berriari eskaini baitzion. Emanaldi hori laburbiltzen duen diskoari Awañak izenburua jarri dio. Hau da, guantxe lurra, Kanaria uharteetako berebere jatorriko herriaren hizkuntzan. Hangoa baitzen Canario, bere aita.

Pettiren ibilbide osoko kantuak entzuten ahal dira Awañak-en, bere lau diskoetakoak, Amets bat (1999), Arrazoiak (2001), Etxeko uzta (2002) eta On (2007): Bera, Lasai, Bihotzeko harriak, Sobera erraza, Ez pentsatzea, Hitz jarioa, Argia heldu da, Hauskorrak, Eman eta hartu, Bakardadea ehizan… Baita bertsio batzuk ere: Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta John Hiatten I have a little faith on me —Bernardo Goietxek euskaratua—.

Awañak, zuzena, hunkigarria eta berezia da. Petti bezala.

Harremanetarako:
Petti: 692192054
www.myspace.com/pettibasque
pettibera@euskalerria.org