Bonberenea 27 urte

Bonberenea 27 Urte! - Elkartasunaren garra elikatzen!

BONBERENEAri buruz pentsatzean, burura etortzen zaigun lehenengo ideia da gure etxea dela. Beste urtebete egin dugu gure egin dugun gune honetan, eta ospakizuna ez da edozelakoa, konturatzerako 27urte bete baititugu, eta oraindik ere gogor dihardugu lanean, betiko moduan!

Etxe honek betiko dinamikarekin jarraitzen du eta, erraza ez den arren, lehen eguneko sugarrari eta aurrera egiteko gogoari eusten saiatzen gara egunero, erosotasunean erori gabe. Proiektua sortu zen garaian, inguruan somatzen genuen kultur dinamika gabezia edo hutsunea betetzea izan zen gure helburu nagusia, kultur jarduera bermatzeko eragile izan nahi genuen. Asmo bera mantentzen dugu gaur egun ere. 

Bide horretan etxeak etengabe bilakatzen eta berrasmatzen aritzea eskatu digu eta esango genuke, bertatik pasa den pertsona askoren laguntzaz, jakin dugula aldaketetara egokitzen. Egun lanean diharduen belaunaldi berria ere ari da bere lekua egiten eta gauzak geratzen ez diren seinale garbia serigrafi tailerra da, adibidez, martxa onean lanean jarri duguna.

Aldaketak bizitzaren parte dira eta horma hauen barruan gertatzen den aldaketa orok zerbait berria suposatzen du. Gauzak eztira bakarrik mantentzen eta gure etxe zaharrak ere behar du BONBERENEAko kideen zaintza; horren adibide azkenaldian etxean egin ditugun hainbat lan,  hala nola, instalazio elektrikoak berritzea, etxeko sarbideen argiztapena hobetzea, garbiketa gelaren erabateko berrikuntza, pintaketa lanak, eta abar. Azken horien bidez kulturari kolorea ematen diogu, udazkenak negurako bidea hartzen duenean etxeari kolorea emanez.

Etxeko martxari eustea bera ere ikasketa prozesu bat da bertako kideontzat. Beti dago zerbait ikasteko aukera: erratza hartzetik hasi eta,elektrizitate lanak direla, iturgintza, pintura, zen arotzeriakoak, musika tresna bat jotzea, soinu edo argi teknikari lanak direla, sukaldean aritzea, dantza… Gure baliabideekin egin dugu aurrera urte hauetan guztietan eta ikasitakoa belaunaldiei berriei transmititzea ezinbestekotzat jotzen dugu. 

Beti ez dugu asmatzen, gauzak ez dira errazak eta dudarik ez dugu etxetik pasa den jende guztia gabe, hau ez zela orain dena izango.  Doakie, lerro hauen bitartez, gure eskerrik onena BONBERENEA eraikitzen lagundu duten lagun guztiei.

Ezin da BONBERENEA ulertu musikarik gabe eta maitasun handiz egiten dugu musikaren inguruan lan. Etxeko oholtzak SUTAN jarraitzen du eta hori horrela izan dadin lan handia egin dugu aurten ere. Urtez urte, talde ugari pasa dira eszenatoki honetatik, ezagunak batzuk, besteak ez hainbeste, talde berriak, urte asko daramaten artistak, bertakoak zein kanpotarrak. Aurten eskainitako 50 kontzertu baino gehiagotan munduko hainbat tokitatik etorri zaigu jendea Tolosako BONBERENEAra bisitan. Estilo eskaintza anitza biltzen du gure programazioak eta hori ere mimoz zaintzen dugu, musika zaleek ahalik eta eskaintzarik aberatsena izan dezaten. 

Atzo jaioak ez garenez, bisitan datozen taldeetako askok ezagutzen dute aurretik BONBERENEA. Etxea lehenengoz zapaltzen duenik ere bada, noski, eta hauek beti azaltzen digute harridura eta miresmena, ez baitira asko horrelako proiektuak munduan. Gauzak gero eta hotzago eta inpertsonalago diren garai zail hauetan, BONBERENEAra bere musika eskaintzera datorrenak harrera ona jasotzen du beti, teknikoki ondo prestatuak baikaude eta batez ere, hau beraien etxea ere badelako, janari goxoa, lotarako lekua eta azken finean, babesa, eskaintzen dien etxea. Harrotasunez esan dezakegu bueltatzeko gogoz joaten direla BONBERENEAra lehenengoz etortzen direnak. 

Zuzeneko musika eskaintzeaz gain, ezinbestekoa bihurtu zaigu etxeko musika estudioa ere, musika talde askoren grabazioak mimoz ekoizteko baliatzen duguna. Aurten BONBERENEAEkintzak zigiluarekin hainbat disko kaleratu ditugu, Txoteko Ezpata taldearen “Ilunpean jai duzu”, Kuartz bikotearen “III”, Bake Faltsua taldearen “Bizitzaren gerrak, gerra biziak” eta Han taldearen “Laino zulatuak”, hauez gain estudioan 12 disko grabatuak izan dira.

22 urteko bidea osatu du zigiluak eta denbora tarte horretan 121 erreferentzia argitaratu dira. Baliabiderik ez zuten taldeei beraien musika grabatu eta argitaratu ahal izateko plataforma bezala ekin zion estudioak bere bideari, eta 22 urtetan estudio txiki batetik berrirako jauzia egin, eta egun sona handia duten talde ugariren oinarriak finkatzen lagundu duen egitasmoa izan da. Eta noski, horretan jarraitzea da helburua.

BONBERENEA TXARANGA ere, kasik nahi gabe, duela 21 urteko etxearen urteurren batean sortu zen festa egiteko aitzakiaz, eta lehen emanaldi hartatik gelditu gabe dabil. 6 disko grabatu dira etxeko estudioan, zuzeneko DVD bat eta 220 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, artista ezberdinekin elkarlanean, pailazoak direla, musikariak, eta baita elkarte eta hainbat talderekin ere. Urte guzti hauetan Txarangatik jende ezberdin asko pasa den arren, badute denek  zeozer amankomunean: oso txikitatik txarangako kide zaharrenek trebatu dituztela gazteak. Filosofia honekin jarraituz txaranga autogestionatu bat lantzen jarraituko dugu, erronka berriei aurre egiteko asmoz.

BONBERENEAirratiak ere aurrera darrai. Etxeko estudioan ekoitzitako musikaren bozgorailu izaten jarraitzen du 27. urtemuga honetan. 

Etengabeko bilakaeraren beste adibide bat gure tabernako eskaintzarena da. Urte askotan ohiko garagardoekin lan egin eta gero, azken urteetan etxeko garagardoa dastatu dute gurera datozenek, Bonbier “Olki” American Pale Ale eta Bonbier “Liztor” Pilsen garagardoak izan dira gurean aukera. Bi izen horiek ez dira ausaz aukeratuak, gure bi txakurren omenez jarriak dira, etxeko zaindari eta lagun izan ditugunak. 2022 urtean Olki handia joan zitzaigun ordea eta Liztor txikiak ere aurten utzi gaitu. Etxe honetatik pasatzen den orok uzten du hemen bere ondarea, bere arrastoa, eta etxea zaindu diguten bi zakurrek ere merezi dute oroimena. Zaudeten tokian zaudetela, Olki ta Liztor, jakin gure bihotzetan eta barrako birratan bizirik jarraituko duzuela.

Gurpila gelditu ezin denez, garagardo berri bat egin dugu etxeko zaindarien lekukoa hartu duen oilategiko oilarraren omenez, Bonbier “Gandor”stout jarri diogu izena.

 

Amaitzeko, argi utzi nahi dugu gure etxea defendatzen jarraituko dugula. Mende laurdena baino gehiago daramagu gure lana egiten: kultura indartzen eta eskuragarri egiten, bai publikoarentzat eta baita talde hasiberrientzat ere. Hori da, gure ustez, gure egitekoa, gure lanari eta jardunari zilegitasuna ematen dion oinarria. Horregatik, urtetako esperientziaren zakua bizkarrean hartuta, gure ustez BONBERENEAk inoiz baino zilegitasun handiagoa du eta inoiz baino beharrezkoagoa da.

Bukatzeko, nekatuta gaudela esan nahi genuke, etengabe kuestionatuta egoteaz nekatuta. 27 urteren ondoren, haserre irakurri behar izan dugu San Estebango auzoaren etorkizunari buruzko hirigintza planaren berrikuspenean, gure etxea kolokan jartzen jarraitzen dutela zenbaitzuk.

Tolosako Udalari zuzenean adierazi nahi genioke  horrenbeste esfortzurekin eraikitako etxe hau dela BONBERENEA, ez dugula beste BONBERENEArik irudikatzen, utz diezaiotela gure etorkizunari buruz, gu kontuan hartu gabe, espekulatzeari. Hau ez da jolas bat, oso serio hartzen dugu gure jarduna, eta proiektu hau herri honen eta gure kulturaren etorkizunerako ezinbestekoa dela aldarrikatu nahi dugu. Tamalez udal indar politiko ezberdinak, EH Bildu eta EAJ, ez dira BONBERENEAk herri honi egiten dion ekarpenaren neurria ulertzeko gai izan; kanpotik datorren edonork, askotan, adierazi izan digun miresmen eta inbidia sanoa, ez dute herriko arduradunek baloratzen jakin izan.

Har dezatela, mesedez eta behingoz, BONBERENEAko etxearen jarraipena bermatuko duen erabaki irmo bat.

Lanean jarraituko dugu, etxea eta ingurua zaintzen, kultura eraikitzen, eta etxeko ateak zabalik egongo dira gure jardunean parte hartzera animatzen den ororentzat.

GORA BONBERENEA!

 

IZAN PIROMANO ETA ZABALDU SUA!

Informazio gehiagorako:

www.bonberenea.com

www.facebook.com/bonberenea.sutan

www.twitter.com/Bonberenea

www.instagram.com/bonbereneasutan

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies