Oztopo guztien gainetik hasi zen bonberenea 1997ko abendu hartan. Denok genekien, bonberoen egoitza izandako etxe eder hura botazeko alkate jaunak zuen gogoa. Hala ere, auzolanean eta giro onean igaro genituen bertan egondako zazpi egun haiek, zortzigarren egunean etxea gure muturren aurrean birrindu zuten arte. Hamahiru lagun identifikatu eta lau atxilotu zituzten, baina ezin izan zuten egun haietan bildu genuen indarra eta adiskidetasuna bota. Orduezkero, okupatutako etxe guztietan mantendu dugu bonberenea izena, han bihurtu baikenuen lehenengo bileretan sortutako ilusioa egiazko sormen eta ekintza.
Oztopo guztien gainetik jarraitu genuen eta beste bi etxe okupatu genituen denbora gutxian, baina, nonbait, gure apostua ez zen udaletxearen gustoko, eta segituan botatzen gintuzten. Gure ekintzak kalean eta ahal zen tokietan egiteari eutsi genion arren, espazio baten beharra ikusten genuen gure proiektuak aurrera egin zezan. Azkenik, gaur egungo Bonberenea etxea okupatu genuen 2000. urtean eta jendearen iniziatibak, sormena naiz elkarkidetza lantzeko espazio ezinhobea da guztiontzat.
Oztopo guztien gainetik bonbereneak argi dauka gizarte kontsumitzaile harrapakari honen baloreak aldatzeko, norbanakoak izaera aktibo bat landu behar duela bere ingurune sozio-kulturalean. Gaur egun, gero eta beharrezkoagoa da espazio autogestionatu eta asanblearioak sortzea, pentsamentu bakarraren imperioak etengabe saltzen digun pasibitate eta konformismoari aurre egiteko.
Insumisioaren eta auzolanaren bidea aukeratzen dugunok ordea, ez gara instituzioen eta beraien burokraziaren eskemetan sartzen eta hauexek dira bonberenearen geroa kilinka jarri nahi dutenak berriro ere.
Konpakto honek orain arte egindako ibilbidearen oroigarri xume bat izan nahi du eta geroan atxikirik ditugun ilusioen pizgarri.