Bonberenea Sutan kanpaina aldarrikatzaile bat da. Berau 2007an jarri zen martxan, gaztetxearen etorkizuna eta San Esteban auzoaren ordura arteko izaera zalantzan jartzen zuen makro proiektu urbanistikoari erantzuteko asmoz. Bonberenea Sutan, “San Esteban-Laskorain Goikoa” bezala ezaguna egin eta 1140 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten zuen plan urbanistikoaren aurka azaltzeaz gain, Bonberenearen etorkizunari berme legala eskatzen dion kanpaina da. Erakunde eskudunei eskatzen zaiena da bermatu dezatela Bonberenea dagoen tokian geratuko dela eta bere etorkizuna ez dela garaian garaiko Udalaren erabakien araberakoa izango.
Kanapinaren barruan integratu daitezke orain arte egindako hainbat ekimen. Horien artean ezagunena Bonberenea Sutan musika jaialdia da, baina beste hainbat aldarrikapen burutu izan dira urte hauetan: firma-bilketa masiboa, 2010eko kalejira, Piromanoen deialdia…
Gaur egun kanpaina bertan behera utzita dago, San Estebango auzotarrek prozesu parte hartzaile eta demokratiko baten ondorioz aurreikusita zegoen plana atzera bota eta Bonberenea bertan geratzea bermatzen duen bat aukeratu zutelako. Espero dugu ez dugula berriro martxan jarri beharrik izango…