Descripción del producto
Hogei urteko ibilbidea musikarekiko pasio neurrigabean, zortzi LP eta errepide eta kontzertu ordu zenbaezinak. Bertatik ernatu da Txus Villalabeitiak gidatutako proiektua, Losado, lehenbiziko EParekin.
Gitarrista eta konposatzaile nekaezina, irmo bultzatu zuen Txusek Same Old taldea hamabi urtean zehar, harik eta ibilbidea Cabeza Voladora disko indartsuarekin burutu zuten arte (Bonberenea Ekintzak, 2015): Euskal Herrian gutxi bezalako talde konplexu eta ausart batentzako amaiera bikaina. Periplo hartan zehar, denbora atera zuen Elías Egidorekin (Standstill ohia) Eh! taldean grabatu eta biran aritzeko; bi disko erregistratu zituen haiekin: La Fase del Sueño Intratable (Bcore Disc, 2011) eta El Sobresalto Alpha (Bcore Disc, 2013).
Azken urteotan musika-jarduera frenetiko hura apaldu den arren, Txus ez da sekula geldirik geratu, eta, 2014tik aurrera, Libe abeslari eta teklista gasteiztarraren taldeari batu zitzaion. Harekin grabatu zituen Ihesaldi Handia (Bonberenea Ekintzak, 2014) lehen diskoa, eta, ondoren, grabatu nahiz konposizioan modu aktiboan kolaboratu zuen bigarren lanean, Ilargia Erori da EPan (Bonberenea Ekintzak, 2017). Euskal Herriko hainbat tokitan aurkeztu zituzten bi diskoak.
Baina proiektu horiek guztiak eta gero, zerbait propioa egiteko beharra pizten hasi zitzaion pixkanaka, beste bide bat bilatzekoa, pertsonala eta era berean erronka eta aldarrikapen musikala izan nahi zuena. Poliki-poliki, Txus abesti berriak konposatzen hasi zen, sentimendu argi batekin: gitarra eta ahotsa berak jarriko zizkion. Lehenbiziko ideiak Ibon Salterain (Tutan Come On) eta Gorka Lazkano (Kashbad) lagunekin lantzen hasi zen, eta, ondoren, adostu zuten Txusek bere aldetik jarraitzea abesti haiekin, eta, aldi berean, hiruren artean Lepora taldearen lehen lana lantzea (Bonberenea Ekintzak, 2020), urte berean editatua, egoeraren zailtasun ebidenteen gainetik.
Losado, beraz, hutsera salto ausarta da Txusentzat, baina lagun handien babesarekin. Autoaurkikuntzarako bidaia bat.
Bideari 2018ko hasieran ekin zion, zalantzati, Dan “Kalamar” Ariasen IslaCerilla estudioan, abeslari gisa lehen probak egiten; eta ondoren etorriko ziren grabazio-lanak: bateriak Rafa Camisónek (Gas Drummers, The Ships, Gentemayor), Jerez de La Fronterako Setentaynueve estudioan; baxua Atxusek (Libe, Neubat, Vice Presidentes), Gasteizko Cue Audio estudioan; eta, azkenik, gitarrak eta ahotsak grabatu zituen Txusek, berriz ere Karlos Osinaga “Txap”-ekin, Bonberenean, bere bigarren etxean, elkarrekin jada bost disko grabatzeak ematen duen konplizitatearekin. Zirkulu bat ixten da musikari honentzat, zintzotasun emozional eta musikal erabatekotik abiatuta, eta uzten dizkigu sei kanta ilun forman, baina katartiko eta itxaropentsuak funtsean.
Denborak kontatuko digu zer etorriko den. Emaitzaren kalitateari erreparatuta, oparoa izango da. Lan bikaina, dudarik gabe, hasiera berri baten arrastoa uzten duena.
Tracklist:
1- Animales 8ir)racionales
2- Alguien
3- En la ciudad de la musica
4- Vivir sin miedo
5- Nadie te cree
6- Cambiar
Harremanetarako:
txusvillalabeitia@gmail.com